XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Biblian ere hala azaltzen omen zen: bihotz zaurituari amodio koplak kantatzea, urari ozpina nahastea da, egurrari pipia edo arropei sitsa txertatzea.

Malenkoniak zapuztu egiten du giza-emakumeen bihotza.

Baina, kapitainak zioen, jakin egin behar zela noiz zen malenkoniatsu izateko sasoia eta noiz iragana erraustu eta aurrera begiratzekoa.

Tarte estua omen zen malenkoniatsutik iluperakoa.

Eta bata onuragarri bezain kalterakoa zen bestea.

Kuarteleko barberoarengana bizarra moztera joan ziren batean, García Hernándezek intxaurrari muzin egiteak atsegabetu egin zuen Galán.

Barberoak intxaur bat gorde ohi zuen gainerako lanabesekin batera zorroan.

Bezeroa aurpegi-flakoxta zenean, matrailezurrak biribiltzearren, intxaur hura ematen zien, noiz alde batera noiz bestera, ahoan ibil zezaten.

Nazka imintzioz egin zion uko García Hernándezek lehen hainbeste ahotan erabilitako zantzuak ageri agerian zituen intxaur bustiari.

Orduan Galán-ek berak sartu zuen ahoan, matrailen guriarengatik premiarik ez zuen baina; eta esan zion adiskideari ez zegoela zertan hain mirrina izanik, inoren buruzagi izatekotan mendekoen joera beretsuak onartzen behar zuela ikasi, bere buruari gutxiago begiratuz.

Bere baitara kiribiltzeko joera zuen García Hernándezek ordea.

Udazken hartan bete zituen hogeita hamar urte, (...)